XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Pito eta Poli lehenengoetakoak izaten ziren ikastetxe barruko harmailak jaitsi eta atariko zolua gurutzatzen, batik-bat eguerdietan non, arin ibili ezean, ate nagusiaren aurrean bildutako eskolier multzoarekin oztopatzen baitziren halabeharrez.

Gaur, ordea, Lucky bakarrik zihoan, eta haren zangoek ez zuten pausoa azkartzeko higidurarik egiten.

Ingurugiroa usnatzen zuen, eta hezetasuna erabat urrinztatua ailegatzen zitzaion usna-ildoetara, udako zaparrada baten ondorenean bezain ezagukarri.

Arnasa hartzen zuen, eta haize hozkirria sakoneraino barneratzen zitzaion birikietan, gorputz atal guztiak harrotuz.

Aldi berean, bere alboetatik pasatzen zen jendeari begiratzen zion, baina ez zuen bere begirada jasoko zuenik atzematen.

Izan ere gaur handik ez zebilen eskolierrik, baizik gizonezko mordo bat, batzuk binaka edo hirunaka, bestetzuk bakarka ibilian zihoazenak.

Haien pausoa bizkorra zen, eta espaloietatik ez ezik erdigunetik ere saiatzen ziren, autoen arteko meharguneak baliatuz.

Jantzi arruntak zituzten, praka eta alkondara urdin ilunak zeramatzaten, eta beroki gisa, jaka ajatu bat, errauts kolorea.